2008. urtean Miguel Cirizak Casa Ciriza enpresa armadorearen artxiboa dohaintzan eman zuen, udalerriko XX. mendeko arrantza- eta industria-historian garrantzi handikoa, udal-artxiboak zaindu, antolatu eta zabal zezan. Dokumentu-funts horretan besteak beste, langileen nominak, kontratuak, merkataritza-transakzioak, itsasontzien planoak, eta beste daude gordeta, 1940tik 2006ra bitartekoak.
Casa Ciriza enpresa armadore- eta arrantza-enpresa bat zen, Pasaiako portuan zegoen 1918tik, eta Miguel Cirizaren guraso Agustín Cirizak eta Marcelina Alarciak sortua zen. Trintxerpeko portuko biltegietan zegoen kokatuta, eta bertan zeuden bulegoa, garajea eta horniduren biltegia, sareak, lantegia eta ontzidirako ordezko piezak.
Enpresak bi ontzi zituen: Ciriza IV eta Marcelina de Ciriza; eta 1920an Félix Ciriza ikatz lurrunontzia erosi zuen. Urteen poderioz, flota handitzen joan zen, eta, hala, 1932an binakako diesel motordun lau ontzi eraiki zituen: binakako bat, Marce eta Lina; eta bestea, Agustín eta Miguel. Ontzi horiek Zumaiako La Constructora Metálica SL ontzioletan eraiki ziren, gaur eguneko Balenciaga ontziolan. Hamarkada horretan Mari eta Pili binakakoak ere eraiki zituzten Pasai San Pedroko Luzuriaga ontziolan. Ontzi horiek guztiek binaka egiten zuten lan arrantza freskoaren arrastean; baita Félix Ciriza bouak ere.
50eko hamarkadatik aurrera, armadore-etxea dibertsifikatu egin zen, bi arrantza-modalitatetan lan egiteko: binakakoak, eta boua Frantziako kostaldean eta Sole Handian. 1956tik aurrera Ternuara bidali zuten flota, eta Marcelina de Ciriza lantegi-ontzi handia eraiki zuten, izoztuan aitzindaria. 60ko hamarkadan beste ontzi batzuk eraiki edo erosi zituzten, hala nola, Akarlanda eta Miguel Primero bouak, Luzuriaga ontziolari erositakoak. 1956an Frantziako kostaldeko eta Sole Handiko arrantzategi tradizionaletan arrantza eskasia zegoenez, enpresak kosta horietan arrantzatzen ari ziren binakakoak bakailaoa arrantzatzera bidali zituen, arrantzategi berrien bila. Marce eta Lina, eta Agustín eta Miguel binakakoak bidali ziren, eta, ondoren, Angelote eta Cachuelo, eta Estornino eta Esturión binakakoak, eta 1975. urtera arte Ternuan arrantzatzen jarraitu zuten.
50eko hamarkadaren amaieran, Ternuatik ekarritako bakailaoa erosten zuten Kubako enpresekin egin zuen harremana enpresak, besteak beste, Pasaiako PYSBErekin. Arrantza-enpresa bat formalizatu zen Ternuan arrantzatzeko, Habanan deskargatzeko eta han bertan bakailao-lehortegi bat muntatzeko. Horretarako, Ciriza enpresak Arkis ontzia erosi zuen Alemanian. Ontzi hori Pasaian hornitu zuten, tripulazioa jarri eta Terranovara arrantzara joateko itsasoratu zen.
1970ean Casa Ciriza SAren akzioen % 50 erosi egin zituen, aurretik Vigoko Eraso familiari saldutakoak, eta Hegoafrikan arrantzan ziharduen Marcelina de Ciriza lantegi izoztailearen jabe egin zen. Garai hartan eraiki zuten Agustín Primero atunontzia, Pazifikoko kostaldera itsasoratu zen arantzara 1975era artean, eta San Diegoko (Kalifornia) Cambell ontziolan berritu zuten. 1974an enpresa arrain freskoa arrantzatzen hasi zen Sole Handian, hirukotearen modalitatean, Angelote, Cachuelo eta Akarlanda ontziekin, eta Mari, Pili eta Miguel Primero ontziekin.
1975ean, enpresa guztien ordainketa-etendura deklaratu zen: Casa Ciriza, Ciriza Hermanos, Cirimar, Cirtum eta Fremar, eta flota guztia Pasaiako portuan gelditu zen amarratuta. Casa Ciriza Marcelina de Ciriza lantegi-ontziaren jabea zen; Ciriza Hermanos enpresak freskorako ontzidia zuen; Cirimar Ternuako ontziteriaren jabe zen eta Cirtum atunontziaren jabea zen. Bost enpresen artean, berrehun tripulatzaile inguru eta hogeita bi langile zeuden lehorrean.
Ordainketa-etendura gorabehera, Transáfrica multinazionalak aukera eman zuen Casa Ciriza enpresaren ekintzak kontserbatzeko eta Marcelina de Ciriza ontzia kontserbatzeko. 1976an Miguel Primero ontzia Kanaria Handiko Las Palmas uharteko kabildoari saldu zioten arrantza- prospekzioan aritzeko.
Transafrikaren aginduetara, Miguel Cirizak lehen kudeaketak egin zituen Argentinan. 1976an Transhue izeneko sozietate mistoa formalizatu zen, Casa Cirizak eta Argentinako Huemulek osatua, eta, horrela, 1977an, Pasaiako portuko Marcelina de Ciriza ontzia Pasaiako portutik Argentinako banderarekin itsasoratu zen.
80ko hamarkadatik 2000. urtera arte, gutxi gorabehera, arrain izoztuarekin egiten zuen lan, eta arrantza-ontziak eta ontzi berriak salerosten zituen Pasaiako bulegoetatik. Urte horietan Polonian eraikitako bost faktoria-ontzi biki erosi zituen, Irakeko gobernuaren kredituarekin. Kanaria Handiko Las Palmaseko portuan zuten basea, eta Mauritanian egiten zuten arrantza. Era berean, hainbat bidaia egin zituen Nikaraguara, besteak beste, aholkuak emateko izkirei buruz, Ekuadorrerako dike flotatzaileei buruz, Peruko sardina-ontziei buruz, eta Brasileko eta Mexikoko altzairuei buruz.
Bibliografia:
"Casa Ciriza contada por Don Miguel Ciriza", Rosa García-Orellán, Donostiari buruzko Azterlan Historikoen Buletina, 38. zk., 2004